EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da martxoan, 2023ko hil berean izandakoa baino handiagoa, orduan 1,87 egunekoa izan baitzen. Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste ematen duten egun kopuruari dagokio, eta ez EAEn egiten duten egonaldiaren guztizko iraupenari.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 300.688 sarrera eta 575.846 ostatu gau zenbatetsi dituzte martxoan, hau da, 2023ko hilabete berean baino %16,5 eta %19,5 gehiago, hurrenez hurren. Kontuan izan behar da 2024an Aste Santua martxoan izan dela, eta iaz, berriz, apirilean izan zela, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Martxoan izandako sarreren %38,2 eta gaualdien %39,3 atzerritarrenak izan dira, eta sarreren kasuan %28,9 eta gaualdienean %31,1 gehitu dira. Espainiko Estatuko bisitarien sarrerek eta ostatu gauek %10,0 eta %13,0 egin dute gora, hurrenez hurren.

Lurraldeka, Araban 41.645 sarrera eta 86.206 gaualdi erregistratu dira martxoan, aurreko urtean baino %16,1 eta %23,3 gehiago, hurrenez hurren; Bizkaian, sarrerak %11,5 gehitu dira, eta gaualdiak %13,3, 126.330 eta 240.001 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren; Gipuzkoan 132.693 sarrera erregistratu dira martxoan, iaz baino %21,9 gehiago, eta 249.639 gaualdi, aurreko urteko hilabete berean baino %24,7 gehiago.

Hiriburuei dagokienez, sarreren kopurua %12,9 igo da Gasteizen, %3,1 Bilbon eta %25,8 Donostian. Era berean, aurreko urteko martxoaren aldean, ostatu gauen igoera %22,3koa izan da Gasteizen, %7,7koa Bilbon eta %32,2koa Donostian.