Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) katedradun emeritua Honoris Causa doktore izendatu dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egindako ekitaldian. 1968an sortu zenetik, UAM erreferente bihurtu da mundu osoan zientziaren eta letren zenbait diziplinatan. Bere klaustroan ia ehun irakasle eta pertsona ospetsu ditu, eta, Etxenike irakaslea gehitu zaie goi-mailako izendapen horrekin.

Ekitaldian izan dira Amaya Mendikoetxea UAMeko errektorea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea eta Nekane Balluerka eta Iñaki Gorizelaia UPV/EHUko errektore ohiak.

Fernando Flores irakasleak egin du Etxenike irakaslearen Laudatioa, zeinak UAMeko urrezko domina eta Ikerketako Sari Nazionala baititu. Laudatioan, Etxenikeren ikerketa-arloko ibilbide osoaren errepasoa egin du, eta "azken 30 urteetako Espainiako zientzialari garrantzitsuenetako bat" dela adierazi. Baina, haren lorpen handiak zerrendatu baino lehen, bere ustez pertsona gisa definitzen duenari buruzko gogoeta egiten du: “Zientzian, eta beste arlo askotan, funtsezkoa da ausardia: gaztaroan agertzen den eta ezezaguna dena esploratzera eramaten gaituen jainkozko sen hori (...). Pedrok dohain batzuk ditu, eta haien artean daude, dudarik gabe, sormena eta zientzian lortutako arrakasta suspertzeko behar den ausardia”.

Etxenikeren ikerketa-karreraren hastapenetatik, Cambridgeko Unibertsitateko Cavendish Laborategi ospetsuan John Pendry irakasle ospetsuaren begiradapean egindako lana nabarmentzen da. Lan horren ondorioz, Etxenikek “Interaction of energetic particles with surfaces” (“Energia-partikulen eta gainazalen arteko interakzioa”) doktore-tesia argitaratu zuen 1976an, eta gainazalen eremuan izaera seminala duten zenbait artikulu ere bai. Etxenikeren eta Cavendish Laborategiko John Pendry eta Archie Howie irakasleen arteko lankidetzek hainbat urtez jarraitu zuten, eta, 1985ean, Cambridgeko Unibertsitateak “Overseas Fellow del Churchill College” izendatu zuen Etxenike irakaslea. Ken Arrow, Felix Bloch eta Phillip Anderson Nobel saridunek soilik jaso dute aitortza hori.