Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 150.000 euroko diru laguntza onartu du Euskadi Fundazioarentzat, 2024. urtean goi mailako euskal txirrindularitza sustatzeko, estatu zein nazioarte mailan.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskadi Fundazioak euskal txirrindularitza sustatu, zabaldu eta garatzen du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren lehiaketetan parte hartzen duten bi talde profesional bidez: Euskaltel Euskadi gizonezkotan, eta Laboral Kutxa emakumezkoetan.

Bada, Jaurlaritzaren arabera, astearte honetan onartutako diru laguntza 2024an estatu zein nazioarte mailako goi mailako lehiaketetan parte hartzea finantzatzera eta goi mailako euskal txirrindularitza sustatzera bideratuko da.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 150.000 euroko diru laguntza bat onartu du astearte honetan, martxoaren 23an San Mamesen jokatu zen Euskal Selekzioaren eta Uruguairen arteko partidaren antolakuntza gastuak ordaintzen laguntzeko. Partida bana bukatu zen.

Jaurlaritzaren arabera, Euskadiko Futbol Federazioa izan zen norgehiagokaren antolatzailea, eta bera izango da 150.000 euroko diru laguntza jasoko duena.

Diru laguntza horrekin, Eusko Jaurlaritzak euskal selekzioek nazioarteko proiekzio handiagoa lortzeko bultzatzen duen ofizialtasun proiektuarekin bat egiten du.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak film luze eta laburren eta serieen ekoizpena sustatzeko diru laguntzen deialdia onartu du astearte honetan, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 7.280.000 euro bideratuko ditu, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago.

Jaurlaritzaren arabera, 'Kultura 2028' plan estrategikoan jasota dagoen Euskadiko talentu sortzailearekiko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konpromisoaren ondorioa da diru kopuruaren hazkundea. Horrela, ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira (film luzeak eta laburrak), eta modalitate berri bat sortu da, nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko.